BC3. Basque centre for climate change – Klima aldaketa ikergai

Cabecera research
  1. Hasiera
  2. Ikerketa
  3. Low Carbon

Low Carbon

"Low Carbon" (LC) ikerketa-lerroak karbono gutxiko ekonomia batera igarotzeko ondorioez dihardu. Karbono-emisioen jatorri nagusia energiaren ekoizpena eta kontsumoa da, eta gure ahaleginaren parte handi bat bideratzen ari gara ulertzera nola murriztu emisioak gehiegi eragin gabe jendearen —eta, batez ere, ahulenen— ongizate ekonomiko eta sozialean. 

Nuclear

Lerro hau oso aktiboa izan da azken bost urteotan, eta arlo askotan egin ditu ekarpenak. Laburbildurik, gure ikerketak karbono gutxiko ekonomia batera igarotzeaz dihardu, mikromailatik (adibidez, enpresa edo kontsumitzaile batek erabakitzea energia-eraginkortasunean inbertitzea edo ez) maila globalera (adibidez, klimari buruzko hitzarmenen ondorioak). Klimari buruzko politiken ondorio ekonomikoak aztertzen ditugu (banaketazko inpaktuak barne), bai eta zer inpaktu duten etxeetan, ekonomia-sektoreetan eta eskualdeetan ere. Halaber aztertzen dira klima-politiken eta energiaren, ekonomiaren, ingurumenaren, lurraren erabileraren, merkataritzaren eta osasun-politiken arteko erlazioak eta interakzioak, gure lana BC3ren beste ikerketa-lerro batzuekin lotuz.

Era askotako metodologiak aplikatzen dira. Aukera errealaren teoria eta ereduak erabiltzen dira, adibidez, inbertsio optimoak analizatzeko, kontuan harturik salgaien prezioan ziurgabetasuna dagoela. Energia-sistemen ereduak erabiltzen dira hobeto ulertzeko karbono gutxiko ekonomia batera igarotzeak zer ondorio dituen sektore giltzarri batzuetan, hala nola energiarenean. Sarrera-irteera ereduak eta oreka orokor zenbagarriko ereduak (CGE ereduak) erabiltzen dira politikek energia, ekonomia eta ingurumenaren arloan dituzten ondorioak aztertzeko, politika horiek ekonomia osoan efektuak baitituzte eskualde mailan, estatu mailan eta maila globalean. Horretaz gainera, politika publikoen ondorio mikroekonomikoak eta banaketazko ondorioak aztertzen ditugu mikrosimulazio-ereduak erabiliz. Azkenik, ekonomiaren eta klima-sistemaren arteko erlazioak aztertzen ditugu ebaluazio integratuko ereduak erabiliz (DICER eta GCAM-BC3), analizatzeko klima-politikari lotutako zenbait gai, hala nola zer ondorio dituzten klima-hitzarmenek energia-sisteman eta zein den klima-politika optimoa, kalte-funtzioetarako askotariko zenbatespenak kontuan harturik. Beste azterketa batzuk dira, adibidez, klima-politiken ondorioak eta klima-jokalekuak, kostuak, tenperatura globalaren aldaketa eta itsasoaren mailaren igoera kontuan izanik. Erreminta horiek guztiak etengabe garatzen ari dira, eta aukera ematen digute karbono gutxiko ekonomia batera igarotzeko ondorio guztiak kuantitatiboki aztertzeko, erabakiak modu eraginkorrean hartzen laguntzeaz gainera.

Hona hemen ikertzen ari diren gaietako batzuk:

  1. Klima-politika optimoa: Arlo honetan, aztertzen ari gara zer ondorio dituen klima-politiko optimo batek, kontuan harturik klima-aldaketak eragindako kaltean eta arintze-kostuetan ziurgabetasuna dagoela. Horretarako, sentikortasun sistematikoko analisi bat (Monte Carlo simulazioa) aplikatzen da beheranzko ebaluazio integratuko eredu batekin (DICER eredua). Etorkizunean, aldagai estokastikoak sartuko dira ereduan, eta klimari lotutako gertaera aurreikusi gabeen inpaktua ebaluatuko da. Nolabaiteko berotze globala saihestezina denez, aztertzen ari da, halaber, zein den arintze-neurrien eta moldatze-neurrien estrategiarik onena etorkizuneko kalteak murrizteko. Gai honi buruzko ikerketa BC3ren klima-politikari buruzko ikerketa-lerroarekin koordinatzen da.
  2. Karbono gutxiko ekonomia batera kostu eraginkorrarekin igarotzea: Gai honetan, aztertzen da zein diren kostu eraginkorreko bideak karbono gutxiko ekonomia batera igarotzeko, egonkortzea lortzeko helburuarekin, hala nola den 2 graduen helburua. Ekonomia-hazkunde eta konbergentzia-jokaleku batzuen bideragarritasun teknikoa eta ondorio ekonomikoak aztertzen ari dira. Horretaz gainera, zenbait bide sozioekonomiko ikertzen ari dira goranzko ebaluazio integratuko ereduak erabiliz, hala nola POLES eta GCAM-BC3. Etorkizunean, ikerketa-arlo hori zabaldu egingo da, ebaluatzeko nola eragingo duten energia-baliabideen murrizketek, garapen teknologikoak eta ohitura-aldaketek karbono gutxiko estrategietan. Era berean, aurreikusita dago lan egitea karbono gutxiko politiken eta energia-segurtasunaren eta ingurumenaren babesaren arteko osagarritasuna ulertzeko.
  3. Windmill
  4. Klima-politiken inpaktu makroekonomiko eta sektorialak: Arlo honetan, aztertzen da zer ondorio dituzten klima-politikek energiaren, ekonomiaren eta ingurumenaren sisteman, eta zer ondorio dituzten eragin ekonomikoa duten —eta, beraz, berotegi-efektuko gasetan eragina duten— era guztietako politikek (ingurumena, merkataritza, etab.). Sarrera-irteera eta CGE ereduek erabilera asko dituzte, maila lokalean, estatu mailan eta eskualde mailan zein maila globalean. Adibidez, analizatu da zer ondorio dituen karbono-ihesak maila lokalean, zer efektu duten ingurumenaren arloko erreforma fiskalek estatuetan eta zein diren ondorio globalak lanpostuetan. Etorkizunean, aurreikusita dago aztertzea nola saihestu daitezkeen lehiakortasun-galera eta karbono-ihesa herrialde batzuek CO2-ari buruzko preziorik edo araurik ezartzen ez badute; adibidez, karbonoari buruzko muga-zergak erabiliz. Ikerketa hori, halaber, karbono gutxiko politiken eta energia-segurtasuneko politiken arteko osagarritasunean zentratuko da.
  5. Klima-politiken inpaktu mikroekonomiko eta banaketazkoak: Arlo honetan, ikertzen da zer ondorio mikroekonomiko eta banaketazko dituzten klima-tresna batzuek, hala nola baitira zergak, diru-laguntzak eta arautzeak. Orain arte, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak energia-eraginkortasun handiko etxetresna elektrikoen erabilera sustatzeko ezarritako programa batzuk, hala nola RENOVE programa, ebaluatu dira, baita proposamen politikoen ingurumen-eraginkortasuna eta efizientzia ekonomikoa azpimarratzen dituzten politika batzuk ere. Banaketazko ondorioei dagokienez, ingurumen- eta klima-zergen erregresibitatea konparatu da. Analisi horiek garrantzi handia dute politikariek eta herritarrek klima-politikak hobeto onar ditzaten. Gai honi buruzko ikerketa BC3ren klima-politikari buruzko ikerketa-lerroarekin koordinatzen da.
  6. Inbertsio optimoa ziurgabetasuna duten karbono gutxiko teknologietan: Lan-arlo honetan, aztertzen da zein den inbertsio optimoa zenbait teknologia edo proiektutan aldagai batzuetan —hala nola petrolioaren, gasaren, CO2-aren eta abarren prezioan— ziurgabetasuna dagoenean. Adibidez, ikatzezko zentral elektrikoak bertan behera uzte optimoa, inbertsio optimoa energiaren efizientzia hobetzeko eta, azken aldian, karbonoa atzitzeko eta metatzeko bi teknologiaren ebaluazioa.
  7. Klima-politiken onuren analisia: Erregai fosilen erabilera murriztearen ondorio garrantzitsu bat kutsatzaileen emisioen murrizketa da, eta hori onuragarria da hala osasun publikorako nola ingurumenerako. Garrantzitsua da onura horiek guztiak kuantifikatzea eta komunikatzea, gobernuak animatzeko karbono gutxiko teknologiak aukeratzera, zeren eta alternatiba horiek karbonoaren erabilera intentsiboa dutenak baino garestiagoak izaten baitira. Arlo honetan, analizatu da zer efektu dituzten osasunean energiaren sektoreko zenbait teknologiak. Gai honi buruzko ikerketa BC3ren osasunari eta klimari buruzko ikerketa-lerroarekin koordinatzen da.
  8. Energiaren eta elikagaien arteko oposizioaren azterketa: Lan-arlo honek energia-politiken eta klima-politiken arteko harremana aztertzen du, baita haiek lurraren erabileran eta janariaren segurtasunean dituzten ondorioak ere. Aztergai nagusiak dira nola eragin diezaioketen bioerregaien ekoizpenak eta bioerregaien sustapenak elikagaien produkzioaren eta energiaren produkzioaren arteko lehiari, eta zer ondorio dituzten politika horiek ekosistemen zerbitzu-hornitzean, hala nola REDDen. Lerro hau zenbait gaitan zentratzen da, hala nola kontsumo-ohituren aldaketetan ("dietak"). Gai honi buruzko ikerketa BC3ren ingurune naturalari eta osasunari buruzko beste ikerketa-lerro batzuekin koordinatzen da.
 

 

 



 
ecmware
Enterprise Platform
[X]
Geure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu gure zerbitzuak hobetzeko eta nabigazioa aztertuz aukerarik onenak eskaintzeko.
Nabigatzen jarraitzen baduzu, haiek erabiltzea onartzen duzula ulertzen dugu. Informazio gehiago nahi izanez gero, egin klik hemen.