BC3. Basque centre for climate change – Klima aldaketa ikergai

Cabecera research
  1. Hasiera
  2. Ikerketa
  3. Klima eta Natur Ingurunea

Klima eta Natur Ingurunea

Klima-aldaketak inpaktu konplexuak ditu giza ongizatean. Funtsezko bidezidor bat natur kapitalean dituen efektuen bitartekoa da (natura-baliabideak eta ekosistemak).

BC3k klima-aldaketaren eta ingurumenaren arteko eragina zientifikoki aztertzeko interesa du. Interakzio horrek, azken batean, giza ongizateari eragiten dio.  Gure zeharreko ikerketa-lerroetako bat "klima eta natur ingurunea" (KNI) da. Horrek klima-aldaketaren eta natur kapitalaren arteko loturei erreparatzen die, eta, orobat, haietarik eratorritako onurei, giza ongizatearen ikuspuntutik. KNI ikerketa-lerroak arreta ematen die bai natur kapitalaren aktiboen rolari (natura-baliabideen izakinak), bai haien kudeaketaren bidez eratorritako onuren fluxuei (ekosistema-zerbitzuak) eta klima-aldaketarekin dituzten interakzio-moduei. BC3ren KNI ikerketa-lerroak, beraz, bi ikerketa-alor biltzen ditu: natura-baliabideak eta ekosistema-zerbitzuak.

Natura-baliabideen (NB) ikerketa-lerroaren helburu orokorra da ikertzea klima-aldaketak zer-nolako lotura duen baliabide biotiko eta abiotikoen natur erreserben formazio, agortze eta ustiaketarekin. Ikerketa horiek kontuan hartzen dituzte alderdi fisiko, ekologiko, sozial eta ekonomikoak, denek garrantzi handia baitute tokiko, nazioko eta nazioarteko erabakiguneetan.

Forest

Ekosistema-zerbitzuak (EZ) gizarteak NBetatik eskuratzen dituen onurak dira. Horien artean ditugu ondasun materialen hornidura zuzena (hala nola zura, erregaia eta zuntza), eta saihestu nahi diren gertaeren (esaterako, klima-aldaketa, uholdeak) erregulazioa. Ondare ez-material asko, hala nola gozamen espirituala edo estetikoa, naturatik eskuratzen dira ere bai.

Zientzia-politiken interfaze gisa, KNI arduratu daiteke, ekosistema-zerbitzuen esparrua erabiliz, klima-aldaketa giza ongizatearekin lotzeaz, NBen eta ekosistemen kudeaketaren bidez.   EZen hizkuntzak ez du parekorik, zientzian errotua dagoelako eta politikagileek ulertzen dutelako. EZek gizakiei dakarzkien onuretan arreta zuzena jarririk, BC3k klima-aldaketaren zientzia eta erabaki-hartzea uztar ditzake, ekintzen ondorioak aktore guztiek uler ditzaten.

EZ alorra, hortaz, NB alorraren osagarri da KNIren barruan, klima-ikerkuntzaren bi gai fokalak (murrizketa eta egokitzapena) zehar-ebakiz. Halaber, hertsiki lotuta dago zentroak politika-aholkularitza puntako klima-zientzian oinarriturik eskaintzeko duen ikuskerarekin. Ikerketa-alor estrategiko gisa, ekosistema-zerbitzuek klima-aldaketari ematen zaion erantzunaren bi alderdiei heltzen diete: murrizketari dagokionez, basoen karbono-absortzio eta -atxikitzeak berebiziko garrantzia du, eta baita ere CO2 ez beste berotegi-efektuko gasen isurien erregulazioak.

Era berean, egokitzapenari dagokionez, zerbitzu arautzaileak kudeatzea (hala nola, ekaitz eta uholdeen erregulazioa edo elikagaien zikloa) eta zerbitzuak eskaintzea (hala nola, ur-hornidura eta janari-ekoizpena) funtsezkoak dira ekosisteman oinarrituriko edozein egokitzapen-estrategia oso aurrera eramateko orduan. 

BC3ren politika-ikuskerari dagokionez, KNI ikerketa-lerroak NB-EZ interfazea erabiltzen du, hori lehen planoan egoten baita eskualdeko, nazioko eta nazioarteko hitzarmenetan, politika-ekimenetan eta politika-tresnetan. NB-EZ ikuspuntu osagarria erabiliz, argi azaltzen da erabaki-hartzaileentzat zein garrantzitsua den modu bateratuan ulertzea murrizteak eta klima-aldaketara egokitzeak zer-nolako rola duten eta ekosistemari nola eragiten dioten. Modu berean, politika-ekintza ezak duen kostua ulertarazten da. Horrela, KNI ezinbestekoa da klima-aldaketaren zientzia eta politika-interfaze sendoak sortzeko. 

Plants

Ezen eskaintza-bidea ekosistemarekin hasten da eta politikarako garrantzitsu bilakatzen da, zuzenean nahiz ekonomia-sistemaren bidez. Haren diziplina arteko osaketa dela eta, KNIk modu paregabean eta osoki hel diezaieke hiru sektoreei (natura-, gizarte- eta ekonomia-sistemak). Diziplina askotariko ikuspegiari esker, modu egokian azter daitezke, EZak modu isolatuan ez ezik, ekosistema-zerbitzuen paisaia osoa eta horri dagozkion konpentsazio eta sinergiak. Hori beharrezkoa da ulertu ahal izateko klima-aldaketarako estrategia batek zer-nolako ondorioak izan ditzakeen giza ongizatearen beste alderdi guztietan. Klima-aldaketari EZen ikuspegitik begiraturik, BC3k erabil ditzake, esparru sinple eta ondo ulertu baten barruan, alor hauetatik eratorritako ideia esplizituak: ekologia (adibidez, atalaseak eta kritikotasuna) eta ekologia politikoak (adibidez, banaketa-bidezkotasuna).

 

NBen kudeaketaren eta EZen bitarteko onura-fluxuen arteko lotura KNIren muinean dago. Alde biofisikoan, ekosistema-zerbitzuen ikuspegia ekologia tradizionala ez bezalakoa da. Izan ere, arreta ez du jartzen onura-ekoizpen naturalean bakarrik, baina baita ere gizarteak haien eroale fisikoez (esaterako, ura) egiten duen kontsumoan, eta naturatik gizakietara pasatzean izaten dituzten fluxu-modalitateetan. KNIk arreta jartzen du klimaren eta lur, hondakin eta ur-baliabideen kudeaketaren arteko interakzioetan, honako hauetaz dugun ulermena hobetzeko: 

(i) Nekazaritza-/basogintza-ekoizpenak zer-nolako efektua duen berotegi-efektuko gasen (BEG) ekarpen netoan.

(ii) BEGak murrizteko eta klima-aldaketara egokitzeko zenbait estrategia.

(iii) Klimarekin zerikusia duten eta ez duten politikek zer-nolako inpaktuak izan ditzaketen klima-egokitzapen eta BEGak murrizketarako politiken eraginkortasunean.

(iv) Baliabideen erabilgarritasunean gerta daitezkeen aldaketekin erlazionatutako ingurumen-arriskuak (esaterako, ura: lehorteak eta uholdeak). 

Vaca2Lehorreko NB eta ekosistemez gain, KNIk arreta jartzen du baita ere klimaren eta itsas ekosistema-kudeaketaren arteko interakzioetan, batez ere helburu hauetara begira: klima-aldaketara egokitzeko dauden hainbat estrategia ulertzeko dugun modua hobetzea eta politika-tresna berriak diseinatzea, horiekin itsas sistemen egoera ekologiko ona erdiesteko. NBetan eta horiek EZetara aldatzean egiten duten bilakaeran jartzen duen arretaren bidez, KNIk hauei erreparatzen die: (i) muturreko inguruneek klima-aldaketaren aurrean zer-nolako ekarpenak eta erreakzioak  izaten dituzten hainbat denbora- eta tamaina-eskalatan, eta (ii) ekosistemek eta natura-baliabideek klima-aldaketaren aurrean norainoko urrakortasun eta erresilientzia agertzen duten.

Kontuan harturik BC3k klima-aldaketaren gainean egiten duen diziplinarteko ikerkuntzaren helburu orokorra, eta orobat, ikerketa biofisikoaren eta gizarte-, ekonomia- eta politika-ikerketaren artean iragateko premia, KNIren ikerketa-lerroak bereziki honako hauei kasu ematen die: giza dimentsioa –adibidez, pertzepzioa ulertuz–, eta ingurune aldakor batera egokitzeko izaten den jokabidea, natura-baliabideen segimenduan eta ustiaketan oinarriturik. Gizarte- eta ekonomia-ikerkuntzak, beraz, funtsezko eginkizuna du KNIren barruan. 

 

 



 
ecmware
Enterprise Platform
[X]
Geure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu gure zerbitzuak hobetzeko eta nabigazioa aztertuz aukerarik onenak eskaintzeko.
Nabigatzen jarraitzen baduzu, haiek erabiltzea onartzen duzula ulertzen dugu. Informazio gehiago nahi izanez gero, egin klik hemen.