Klimagune Workshop 2013
|
Abenduak 19
|
Klimagune Workshop-a klima-aldaketari buruz eztabaidatzeko foroa da, eta Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko eragile guztiei zabaldurik dago. Ekimen horren helburua da ezagutza, proiektuak eta garapenak partekatzea aurrerapen zientifikoen mailan, betiere arlo horretan diharduten ikerketa-talde eta erakunde ezberdinen arteko sinergietan eta elkarlanean oinarrituta. Hirugarren edizioa 2012ko ekainean egin zen “Euskaditik Rio +20ra” izenburupean, eta bertan Zientzia eta Teknologia Euskal Sareko 100 ordezkari baino gehiago bildu ziren.
Klimagune Workshop-aren laugarren edizioa abenduaren 19an, ostegunarekin, Bilboko Bizkaia Aretoan izango da, “Aukerak, Erronkak eta Oztopoak Iraunkortasunerako Trantsizioetan Klima-aldaketaren Testuinguruan“ izenburupean.
Ekitaldiak osoko bilkura bat eta hiru mahai-inguru izango ditu: (1) Hiriko azpiegiturak, eremu naturalak zein eraikitakoak barne, (2) Landa-ingurunea, Elikadura eta Nekazaritza eta (3) Energia.
Osoko bilkuran izen handiko nazioarteko bi hizlari izango dira, Daniel Innerarity katedraduna eta Vanesa Castan Broto irakasle doktorea.
Klima-aldaketak erronka handiak planteatzen dizkio gizarteari, eta bada gizartean hazten ari den onespen bat: egiturak, ohiturak eta ekonomiaren produkzio-oinarriari eragiten dioten jarduerak, ekosistemen osasuna eta gizakion ongizate sozial eta ekonomikoa eraldatzeko premia. Eraldaketa horiek guztiak oso garrantzitsuak dira nekazaritzako elikagaien industrian, energian, garraioan, hirietako ingurumenean eta azpiegitura naturalean zein eraikitakoan. Kasu horretan, eraldaketa kontzeptuak sistema aldatzea esan nahi du, eta egungo baldintzak sostengaezinak dira. Halaber, iraunkortasun-trantsizioen helburua da sistema berri bat sortzea. Sistema berri horrek egungo eta etorkizuneko belaunaldien oinarrizko beharrak asebeteko dituzten baldintza ekologikoak, ekonomikoak eta sozialak izan beharko ditu.
Azken 30 urteotan aurrerapenak izan badira ere, iraunkortasunaren bidean egindako ohiko ikuspegia ez da nahikoa izan klima-aldaketak eragindako inpaktuak arintzeko eta ingurumen aldaketa globalek, eta bereziki, klima-aldaketak eragin dituzten aldaketen aurreko egokitzapen-estrategietan inbertitzeko. Ikusmolde , prozesu berritzaile eta diskurtso politiko berriak behar dira, gizartea gizakia-ingurumena lotura iraunkorragoetan murgiltzeko. Ikaskuntza, berrikuntza eta esperimentazioa ezinbestekoak dira gizartearen garapen-bideak aldatzeko hiri- zein landa-inguruneetan. Ahalegin horrek norbanakoen, komunitateen eta sektore publiko zein pribatuen erantzukizun partekatu bat eskatuko du. Izan ere, horiek dira iraunkortasunera bidean trantsizio-estrategia multzo eraginkor eta zuzen bat garatu beharko dutenak.
Trantsizioak fenomeno konplexuak dira eta ez daude arriskutik eta ziurgabetasunetik at. Zientziak gizarte- eta ekonomia-sistemak birbideratzen laguntzeko funtsezko informazioa eskaini dezake, iraunkortasunerako trantsizio-bideen bilaketan. Halaber, zientziak, trantsizio horiek denboran aurrera joan ahala, herri, estatu eta mundu mailan izan dezaketen beharrei erantzun beharko lieke.
Klimagune Workshop-aren laugarren edizioaren helburua da ekonomia-, ingurumen-, gizarte- eta teknologia-bilakaerari aurre egitea trantsizio iraunkorrez baliatuta herri, estatu eta mundu mailan.
Klimagune Workshop 2013 ekimenak batzorde zientifiko bat du, eta haren helburua da beharrezko osagaiak gehitzea ekimen berri honek jakintza-alor anitzeko ikuspegia izan dezan. Proposamenak jasotzeko deialdia abiatu da. Horrenbestez, klima-aldaketaren alorrean lan egiten duten Zientzia eta Teknologia Euskal Sareko ikertzaileak beren proposamenak aurkeztera eta beren ekarpenekin Klimagune Workshop-ean parte hartzera animatu nahi ditugu.
Gainera, Klimagune Workshop-ean komunikazioak garrantzia berezia izango du. Jardunaldiak berak parte hartuko duten ikertzaileei beraien hitzaldien zabalkunderako erakusleiho bat eskaini nahi die
Unai Pascual
Ikerbasque Research Professor at Basque Centre for Climate Change (BC3)
Klimagune 2013 -ko Koordinatzailea