BC3. Basque centre for climate change – Klima aldaketa ikergai

  1. Home
  2. Press Area
  3. Ingurumena babesteari dagokionez, pizgarri boluntarioek aukerak eta arriskuak dakartzate berekin, ho

From January 2016 onwards all the BC3 News are available at news.bc3research.org.

Please find copied below the News previous to January 2016

Ingurumena babesteari dagokionez, pizgarri boluntarioek aukerak eta arriskuak dakartzate berekin, ho

Unai Pascual doktorea Ikerbasque Research Professor da Basque Centre for Climate Change BC3 ikerketa-zentroan eta Senior Lecturer Cambridgeko Unibertsitatean. Ekologiaren ekonomista da, eta 15 urtetik gorako esperientzia du; diziplina horrek natura-zientzien eta gizarte-zientzien arteko zubi-lana egiten du, sistema sozioekologiko konplexuak uler ditzagun.

Iturria: Basque Research

Gero eta ohikoagoak dira pizgarrietan oinarritutako ingurumen-kontserbaziorako politikak. Nola funtzionatzen dute REDD+ tresnek?

Ekonomistek denbora asko daramate ingurumen-kontserbaziorako pizgarri ekonomikoen emaitza positiboak lortzen eta ikusten. Zergak eta laguntzak horien adibide dira. Jendeak eta herrialdeek kontsumitzeko eta ekoizteko moduak alda ditzaten lortzeko tresnak dira. Azkenaldian, pizgarri boluntario berriak ateratzen ari dira. Hau da, zerga bat derrigor ordaindu behar da; baina borondatez onartuko liratekeen pizgarriak diseina daitezke. Horiek azenarioa lirateke, eta zergak (nahitaezko pizgarriak), berriz, makila. Beste arlo batzuetan bezala, borondatezko pizgarrien eta ez-borondatezko pizgarrien arrazoizko konbinazio bat behar da, batez ere, horiek borondatezkoak badira. Ingurumena babesteari dagokionez, beste edozein arlotan bezala, pizgarri boluntarioek aukerak eta arriskuak dakartzate berekin, horiek ez badira modu egokian diseinatzen eta inplementatzen".

REDD siglek hau esan nahi dute: deforestazioaren eta basoaren degradazioaren ondoriozko CO2-emisioen murrizketa (ingelezko Reducing Emissions from Deforestation and forest Degradation). Nazioarteko finantzatzeko mekanismo bat da, eta negoziatzen ari da Nazio Batuen Klima Aldaketaren Esparru Hitzarmenaren bidez eta estatuen eta gobernuz kanpoko erakundeen aldebiko ekimen nazionalen bitartez. REDD+ tresnen helburua da herrialde industrializatuetako —historikoki, horietan isurtzen da berotegi-efektuko gasen zatirik handiena— funtsak baso tropikalak dituzten herrialdeetara bideratzea, eta konpentsazio horren bidez lortzea (1) deforestazioa gutxitzea, berotegi-efektuko gasen emisioa murrizteko, eta (2) basoak egoki kudeatzea, haien degradazioa eragozteko eta biodibertsitatea gordetzeko. + zeinua bigarren helburu horrekin lotzen da. Beraz, REDD+ karbonoa atzemanez klima-aldaketari aurre egiteko modua baino gehiago da; biodibertsitatea gordetzeko bidea ere izan nahi du. Arazoa da, ordea, nazioarteak oraingoz ez duela arreta jartzen “+” horretan.

Zergatik erabaki zenuten tresna horietara bideratzea zuen ikerketa?

REDD+ tresnak gobernantza eta funts egokiak aurkitzen baditu, litekeena da baso tropikalen kontserbazioaren ikuspegia denbora luzerako aldatzea. Oraindik ere mekanismo horren eraginkortasuna egiaztatzeko fase batean gaude, eta ez dago argi nola finantzatuko eta aplikatuko den. Oraingoz, Norvegia, Australia, Erresuma Batua eta Estatu Batuak ari dira REDD+ tresnen alde egiten. Baina herrialde guztiak ez dira iritzi berekoak gai horretan. Brasil funts horien hartzaile potentziala da, eta nahiago du funts bat ezartzea herri industrializatu guztien ekarpenekin. Beste batzuek, hala nola AEBk, Australiak eta Costa Ricak, nahiago dute merkatu-sistema bat REDD horietarako; basoak zainduta BEG emisioak atzemateagatik herri industrializatuei sal litezkeen maileguak igorriko lirateke —gaur egungo Kyotoko protokoloko Garapen Garbia mekanismoaren antzekoa da—. EBk sistema misto baten alde egin du oraingoz. Gaur-gaurkoz ez dago oso garbi nola finantzatuko den etorkizunean REDD+ sistema bat.

Nekazaritza gero eta intentsiboagoa REDD+ politikak formulatzeko ardatzetako bat bilakatu da. Zertan oinarritzen da estrategia hori?

Ez da estrategia berria. Elikadura-eskaria gero eta handiagoa da. Pentsatzen da munduko populazioa gaur egun 7 mila milioi izatetik 2050ean 9 mila milioi izatera pasatuko dela. Horrek alarmak piztu ditu, gero eta lur emankor gutxiago dagoelako nekazaritzarako. Hori dela eta, ia herrialde guztiak nekazaritza intentsiboagoa egiten hasiak dira, landutako lur-hektarea bakoitzeko elikagai gehiago lortzearren. Adibidez, uste da Saharaz hegoaldeko Afrikan biztanleen % 13rentzako elikagaia baino ez dela ekoitziko.

Oso zabaldua dago baso-eremuak gordetzeko nekazaritza-lurren erabilera areagotu behar dela dioen ustea; izan ere, pentsatzen da dagoeneko elikagaiak ekoizteko erabiltzen diren lurrak baliatuz gero basoak ez direla nekazaritzarako lurretarako hartu beharko. Gai hori funtsezkoa da. Baina kontua da nola areagotu daitekeen elikagaien ekoizpena. Nekazaritza intentsiboaren estrategia batek ekar ditzakeen ingurumen- eta gizarte-arriskuak direla eta, pertsona batzuk hasiak dira esaten nekazaritza modu jasangarrian egin behar dela intentsibo. Garapen jasangarriaren kontzeptuan bezala, hemen ere interpretazio asko egon daitezke. Nire ikuspegitik, laborantza intentsibo ekologikoaz hitz egin beharko genuke, bizirauteko beharrezko ditugun sistema ekologikoak begirunez tratatzen dituen nekazaritzaz. Basoak gordetzeko helburuarekin nekazaritza are intentsiboagoa egiteak ez du zentzurik, intentsiboago egite hori ekologikoki jasangarria ez bada.

Zuen ikerketan diozue laborantza intentsiboko soroen errentagarritasunak, epe luzean, basoak kontserbatzea are garestiagoa izatea egin dezakeela. Zergatik?

Halaxe da. Logikak eta intuizioak hori iradokitzen digu. Lur landua gero eta errentagarriagoa bada gero eta kostu ekonomiko txikiagoarekin ekoizten duelako (kostu ekologikoa edo soziala kontuan hartu gabe), elikagaien, lurren eta lanaren merkatuak finantza-pizgarriak aterako ditu lantzeko eremua haz dadin, basoen kaltetan. Hori ari da gertatzen dagoeneko. Beraz, herrialde aberatsek herrialde txiroak konpentsatu behar badituzte basoak gorde ditzaten, konpentsazio horien zenbatekoak gero eta handiagoa izan behar du hektareako. Hau da, azenarioak gero eta handiagoa eta erakargarriagoa izan beharko du. Ez dago argi, ordea, herrialde aberatsak prest dauden gero eta konpentsazio handiagoak emateko, baso tropikalak zaintzeagatik. Beraz, arazo politikoak eta instituzionalak sor litezke herrialde hartzaileen (nekazaritza intentsiboago egiteko beharra dute eta basoak gordetzeagatik konpentsazioak nahi dituzte) eta konpentsazioak ematen dituzten herrialdeen artean; azken horiek onura ateratzen diote karbono-atzipenaren eta baso tropikalen biodibertsitatearen kontserbazioaren balio globalei, baina ez dute diru gehiegi xahutu nahi horretan, bizi dugun krisi ekonomikoak dagoeneko hustu dituelako haien diru-poltsak.

Ikertzen ari zareten REDD+ politikak dozenaka herrialde tropikaletan ezartzen ari dira. Zergatik hautatu duzue Kongoko Errepublika Demokratikoa zuen ikerketarako?

REDD+ tresnen aplikazio sortu berrien adibide asko daude Brasil, Costa Rica, Peru, Mexiko, Guyana, Indonesia eta beste zenbait herrialdetan. Kongoko Errepublika Demokratikoarentzat lehentasunezkoa izan liteke REDD+ ezartzea, batetik, oihan tropikaleko Afrikako eremurik zabalena dagoelako han, eta, bestetik, deforestazioa dela-eta karbono gehien igortzen duen herrialdeetako bat delako. Gainera, lehentasun politiko eta ekonomiko nagusietako bat nekazaritza indartzea da, eta, horrenbestez, txirotasuna murriztea, gaur egun munduko tasarik altuenetako bat baitu (landa-eremuko biztanleen % 750 baino gehiago erabateko pobrezian bizi da).

Esaten duzuenez, deforestazioak atzera egin ezan ezinbestekoa da basogintzaren sektoreak gobernantza sendoak izatea. Diseinatu al daitezke berriro pizgarrien eskemak erakundeei indar gehiago emateko?

Gobernantza maila batean baino gehiagotan dago: hasi REDD+ sistema diseinatzeko eta ezartzeko sistematik, ordainketak iristen diren lurraldeko eta tokiko mailetaraino. Ezinezkoa da REDD+ moduko sistema batek gardentasunik eta erakunde sendorik gabe funtzionatzea. Horiek beharrezkoak dira REDD kontratuak sinesgarriak, monitorizatuak eta legez bideragarriak izan daitezen. Bestetik, kezka handia dago konpentsazioak jasotzen dituzten herrialdeetako sektore batzuetako ustelkeria-maila handia dela eta; izan ere, hori oztopo ikaragarria da funtsak zuzen eta berdintasunez banatzeko.

Gaur egungo politikak alde batera utzita, beste zer aukera egon litezke eremu tropikaletako deforestazioa geldiarazteko?

Oso zaila izango da politika eta pizgarri ekonomiak diseinatzea, baldin eta elikagaiak eta zurgaiak inportatzen dituzten herrialdeetako populazioa ez bada jabetzen bere eguneroko erabakiek duten oihartzun handiaz. Esate baterako, nazioarteko erakundeek deforestatutako eremuetan landatutako sojaz elikatutako animalien haragia inportatzea edo jasangarriaren ziurtagiria ez duen zura inportatzea. Horrenbestez, ezinbestekoak dira hezkuntza, informazio zientifikoa eta kontsumoaren monitorizazioa, eta lurra erabiltzeko moduak aldatzea.

Arestian azaldutako oinarrizko gauza horiez gain, kontuan izan behar da —justizia sozialaren eta eraginkortasun ekonomikoaren ikuspuntuetatik— nolabaiteko konpentsazioa eman behar zaiela deforestatzeko presio gehien sentitzen duten herrialdeei, bai biztanleak elikatzeko elikagaien produkzioa handitzeko beharra dutelako, bai pobrezia-tasa handiak gutxitzeko helburuarekin zurgaiak esportatu eta ekonomikoki hazteko beharra dutelako. Europako basoa duela mende asko galdu zen. Orain arazoari buelta eman behar zaio. Horretarako, kontzientziazioa, borondate politikoa eta ingeniaritza ekonomiko eta soziala behar dira garabideko herrialdeei laguntzeko, giza garapenaren bidea natura-baliabideak xahutu gabe egin dezaten. Haiekin dugun zor ekologikoa itzela da, eta Hegoaldeko herrialdeekin batera diseinatutako REDD+ programa bat urrats egokia izango litzateke historian zehar haiekin hartu dugun zorraren interesak itzuliz joateko. Ez dugu ahaztu behar krisi ekonomikoaz gain krisi ekologiko global bat eta zor ekologiko gero eta handiago bat ere baditugula. Arazoa da zor hori herrialde txiroenek baino ez dutela jasaten, eta horiek ez dutela oraindik behar adina indar erakunde globalei (merkataritza askeko itunak eta abar) eragiteko metatutako zor hori mailegu-emaileei (guri) ordainaraz diezaieten. 

 

 







[X]
We use cookies of our own and of third parties to improve our services and to be able to offer you, by means of web browsing analysis, the best options.
If you continue browsing, we assume that you agree to their use. For further information, please click here.