BC3. Basque centre for climate change – Klima aldaketa ikergai

Cabecera research
  1. Hasiera
  2. Ikerketa
  3. Osasuna eta Klima

Osasuna eta Klima

Klima-aldaketa, ingurumeneko eta garapeneko arazoak sortzeaz gainera, mehatxu handia da gizakien osasunerako, eta, iritzi publikoarentzat, haren inpaktuak kezka larria sortzen du. BC3k egiten duen osasun-ebaluazioa mehatxu horietaz arduratzen da, eta orobat analizatzen du gizarte, ekonomia eta jokabidezko hainbat faktoreek nola erasaten dieten jendearen, komunitateen eta gizarte-sistemen urrakortasunari.  Alabaina, gizarte-dimentsio hori ez dago guztiz integratua oraindik politika erabaki-hartzailean, eta BC3ren osasunari buruzko ikerketa-lerroa bideratua dago hutsune hori betetzera.

Klimak osasunari eragiten dio bidezidor zuzen eta zeharkakoen bitartez. Lehenik, aurreikusitako tenperatura-emendioek inpaktu zuzena izango dute klimak eragindako osasun-ondoreen (esaterako, bero-boladek, uholdeek eta eritasun kutsakorrek sortutakoak) intzidentzian eta banaketa geografikoan. 

Pollution2Bigarrenik, giza osasunak pairatuko du ere presio-gehikuntzaren zeharkako inpaktua, hain zuzen ere, sistema natural eta sozioekonomikoei (hala nola, aire-poluzioa, ekosistema-zerbitzuak, ura, nekazaritza eta janaria) erasaten dieten beste bidezidor batzuen bitartez. Bidezidor horien gainean zalantza nabarmenak daude oraindik. Hala ere, politika-ekintzak behar-beharrezkoak dira. Ekintza horiek ahalmen-eraikuntzaren itxuran gauzatu behar dira, egokitzapen-plan aproposak garatuz, eta, energia-, garraio- eta nekazaritza-sektoreekin lotutako erabakiak hartzen direnean, osasuna aintzat hartzen dela bermatuz.

Gorago esandakoaz gainera, zeharkako ondasunen alorrean beste lotura garrantzitsu bat dago klima-politikaren eta osasunaren artean. BEGen isuriak murrizteko hartzen diren neurriek (adibidez, etxebizitza-energiako, nekazaritzako eta garraiorako politika jasangarriak) maiz gutxitu ditzakete tokiko kutsagarriak ere, hala nola populazioaren osasunean efektu kaltegarria duten partikulak. Horrek esan nahi du BEG isurpen gutxiko energia-iturrietara aldatzearen benetako kostua handiagoa litzatekeela baldin eta horrelako onurak kontuan hartuko ez balira. Aldi berean, onura horiek motibazio politiko sendoa sor dezakete. 

BC3ren barruan, osasunaren eta klima-aldaketaren gainean egiten den lanak goragoko alorrak jorratu ditu eta hala egingo du aurrerantzean ere.  Zehazkiago, datorren urtean BC3k jarraitu asmo du osasunaren testuinguruko lau ikerketa-alor nagusietan. Lehen alorrak ebaluatzen ditu egokitzapen- eta murrizketa-estrategien kostuak/onurak eta osasunean dituzten inpaktuak. Helburua da klima-aldaketak osasunean dituen zuzeneko eta zeharreko inpaktuak ebaluatzea, kontuan hartuz, ahal denean, inpaktu fisikoak zein ekonomikoak, hautaturiko osasun-ondore batzuen kasuan (adibidez, bero-boladek eragindako eritasun kardiobaskularrak eta arnasbidearenak; eguraldi-gertaerek eragindako heriotzak eta zauri larriak, fisikoak zein mentalak; eramaile batek itsatsitako eritasunak, hala nola, malaria; uraren bidez kutsatutako eritasunak, hala nola, beherakoa eta malnutrizioa); egokitzapen-estrategiak ebaluatzea, prebentiboak zein erreaktiboak, osasun-inpaktuak eta erlazionatutako arriskuak urritzeko; BEG murrizketa-estrategiek osasunean dituzten zeharkako onurak ebaluatzea. 

Bigarren alorrak osasun-urrakortasunari eta egokitze-ahalmenari helduko die, Osasun-Urrakortasunaren Adierazle bat garatze aldera, eta, horren bitartez, arrisku handieneko populazio-talde eta -eskualdeak identifikatzeko asmoz. Testuinguru horretan, BC3 elkarlanean ari da New Delhiko TERI Institute-rekin (India). Horrela, bermatzen da tokiko/nazioko informazioa erabilgarri izatea eta Indiaren osasun-sistemako interes-talde behinenekin lan egitea. Helburua esparru metodologiko bat garatzea da, hura hainbat testuinguru geografikotan aplikatzeko, EAE barne.

Hirugarren alorrak helduko dio giza osasunaren eta ekosistemen arteko loturari. Horretarako, aztertuko ditu janari- eta ur-segurtasunean eragina izatea aurreikusten diren inpaktuak, uztei eta azienden biodibertsitateari erasango dietenak

Azkenik, laugarren alorrak esploratuko du bildutako ezagutzaren aplikazioa nazioko eta tokiko testuinguruetan, baita EAEn ere. Arreta berezia emango zaio ikerketa-emaitzak politika-analisiekin eta erabaki-hartzaileekin lotzeari, behetik gorako ikuspuntuen bidez. Hori egiteko, interes-taldeen parte-hartzerako ikerketa-prozesuan zehar garatuko diren ereduak baliatuko dira. Osasunaren ikerketa-lerroa sailkatze-alor baten gisa ikus daiteke , eta berarekin erlazionatutako ikerketa-lerro batzuekin batera garatzen ari da, hala nola energia- eta murrizketa-estrategiak, natura-baliabideak eta ekosistema-zerbitzuak. Munduko ikerketa-talde aurrenetako batzuekin lanean dihardugu arazo horien gainean, hainbat gai garrantzitsuri heltzen dieten alor ondo definitu batzuetan. Hori izango da gure programaren oinarria datozen lau urteetarako.

Egun, taldea ingurumen-ekonomialariek eta -zientzialariek osatzen dute; adituak ditugu alor hauetan: osasun-ekonomia, osasuneko inpaktuen ebaluazioa, ingurumeneko inpaktuen ebaluazioa, ingurumen-patuaren analisia, eta  ziurgabetasun-analisia.

 

 



 
ecmware
Enterprise Platform
[X]
Geure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu gure zerbitzuak hobetzeko eta nabigazioa aztertuz aukerarik onenak eskaintzeko.
Nabigatzen jarraitzen baduzu, haiek erabiltzea onartzen duzula ulertzen dugu. Informazio gehiago nahi izanez gero, egin klik hemen.