BC3. Basque centre for climate change – Klima aldaketa ikergai

  1. Hasiera
  2. Nor gara
  3. Zuzendari Zientifikoaren hitzaurrea

Zuzendari Zientifikoaren hitzaurrea: Prof. Maria José Sanz Sánchez

Maria Jose Sanz Sanchez 2015eko Nazio Batuen Konbentzio Esparruaren Klima Aldaketari buruzko Akordioan, Parisko Akordioan, oro har aitortu zen moduan, klima-aldaketa da gizateriak aurre egin behar izan duen ingurumen-mehatxurik eta mehatxu sozioekonomikorik handiena. Klima-aldaketaren arloko politikak finkatu behar dituztenek, datozen urte hauetan erabakiak hartzeko garaian, erronka handi bati egin beharko diote aurre; batik bat kontuan izanik epe luzerako prozesua dela, etorkizuneko inpaktuei buruzko ziurtasunik ez dagoela, kausen eta ondorioen banaketa desberdinarekin lotzen den erantzukizun etikoa eduki behar dela, eta gizarte bakoitzak erronka horri aurre egiteko ahalmen desberdina duela. Sektore publikoek eta pribatuek —gobernuek, korporazioek eta gizarte zibilak barne— askotariko lehentasunen eta helburuen artean aukeratu beharko dute. Helburu eta lehentasun horiek ekonomiaren, gizartearen, kulturaren eta segurtasunaren arlokoak dira, besteak beste, eta elkarri lotuta dauden arren, askotan kontraesankorrak ere badira. Gainera, klima-aldaketak konplexutasuna eta ziurgabetasuna gehitzen die. Orain arte, ikerketa funtsezkoa izan da berotegi-gasen emisioak eragindako berotze globalaren oraingo eta geroko ondorioak nabarmentzeko, baita horrekin lotzen diren beste ingurumen-arazo batzuk nabarmentzeko ere (esate baterako deforestazioa, biodibertsitatearen galera, ozeanoaren azidotzea, airearen eta uraren kutsadura, eta abar). Gaur egun, Parisko Akordioaren ondoren, erronka ez da mugatuko klima-aldaketaren zuzeneko ondorioei buruz kontzientziatzera; horrez gain, irtenbide egokiak bilatu beharko dira zientziaren bidez, eta iraunkortasunera eraman dezaketen politikak diseinatzen eta ezartzen lagundu beharko da.

Testuinguru horretan, eta klima-sistemari buruzko ezagutza areagotzen ari den arren eta aldaketa antropogenikoei eta natura-aldakortasunari nola erantzun behar zaien jakin arren, ikuspegi berritzaileak sortzea da giltzarria. Ikuspegi berritzaile horiek lagungarriak izan beharko zaizkie erabakiak hartu behar dituztenei. Irtenbide moldagarriak probatzea eta erakustea proposatu eta bultzatu beharko dute, eta neurri politikoen inpaktua eta eraginkortasuna ebaluatzeko oinarria izan beharko dute. Orain arte, arloko esperientziak argi eta garbi islatzen du tokiko balioak eta testuinguruak garrantzi handikoak direla eta goitik ezartzen diren balizko irtenbideak goranzko askotariko ikuspegietara egokitu behar direla zenbait sektoretan, betiere irtenbide merkeak eta zuzenak lortuko badira. Gobernu-maila guztiek (tokikoak, eskualdekoak, naziokoak eta nazioartekoak) elkarlanean jardun behar dute klima-aldaketari aurre egiteko, eta hobeto integratu behar dituzte sektore publikoaren eta pribatuaren ahaleginak, baita, oro har, gizarte zibilaren ahaleginak ere. 2008an sortu zenez geroztik, BC3aren helburua izan da bikaintasuna lortzea klima-aldaketaren funtsezko gaien ikerketan, hau da, alderdi fisikoekin, ekologikoekin eta sozioekonomikoekin lotzen diren gaietan.

Klima-sistema fisikoaren eta prozesu soziekonomikoaren arteko elkarreraginaren eskema (IPCC 2014, WGII, 19. kapitulua).
Klima-sistema fisikoaren eta prozesu soziekonomikoaren arteko elkarreraginaren eskema (IPCC 2014, WGII, 19. kapitulua).

Klima-aldaketari buruzko politikaren eta zientziaren arteko interfazeak integrazio handiagoa eskatzen zuen azterketa fisikoen eta analisi sozioekonomikoen artean, eta, duela hamarkada bat, ideia horixe izan zen, hain zuzen ere, BC3a eratzeko funtsezko argudioetako bat. Gaur egun hutsune hori guztiz onartuta dago. Esate baterako, Klima Aldaketari buruzko Gobernu Arteko Taldearen (IPCC) bosgarren ebaluazio-txostenak (2014) aurreko txostenek baino askoz ere gehiago nabarmendu zituen klima-aldaketaren alderdi sozioekonomikoen ebaluazioa eta konexioa, baita garapen iraunkorrean dituen ondorioen ebaluazioa eta konexioa ere (1.1.1. irudia). Era berean, IPCCaren seigarren ebaluazio-zikloa aukera paregabea da erkidego zientifikoak informazioa eta iritziak eman ditzan 2015eko Parisko Akordioak sustatutako klima-ekintzako aldi berri horren aurrean. Puntu kritiko horretan, are baliagarriagoa da zientzia; izatez, zientziak politika eraginkorrak, efizienteak eta zuzenak diseinatzeko beharrezkoa eta baliagarria den informazioa eman dezake, eta informazio hori oso baliagarria izan dakieke erabakiak hartu behar dituztenei eta hainbat sektoretako eta mailatako beste eragile batzuei. Nazio Batuek finkatutako Garapen Iraunkorreko Helburuetan (GIH) oso errotuta dauden arintze- eta egokitze-aukerak barnean hartu beharko dira. Helburu horien artean funtsezkoak dira 2030ean muturreko pobreziarekin amaitzea, desberdintasuna murriztea eta ingurumen-aldaketa globala aintzat hartzen dela ziurtatzea —klima-aldaketa barne—.Garapen iraunkorreko helburuen testuinguru orokorrean garatuko du BC3ak bere ikerketa, helburu horiek baitira hurrengo hamarkadetarako garapen iraunkorreko agenda berriaren helburu globalak. Horrek zenbait ikusmolde, munduaren ikuskera eta ikuspegi berritzaile uztartzea eskatzen du; beraz, zenbait diziplinatako zientzialarien arteko elkarlana eta integrazioa eskatzen du, hasiera-hasieratik. Horixe da BC3aren oinarrizko kontzeptua. 2008tik, BC3ak klima-aldaketaren helburuak jorratu ditu, hain zuzen ere azken hamarkadetako klima-aldaketari buruzko alde aniztuneko negoziazioa definitu duten helburuak: 2008-2012ko lehen estrategia (13) Baliko Ekintza Planaren ondoren (COP13, 2007); 2014-2017ko esparru estrategikoa, Durbango Nazio Batuetako Klima Aldaketari buruzko Esparru Akordioaren ondoren (COP17, 2011), non 2015erako lege-akordio unibertsala bilatu zen; eta 2018-2021eko estrategia, Parisko Akordioaren ondoren planteatutako erronkei erantzuten diena (COP21, 2015).

 







[X]
Geure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu gure zerbitzuak hobetzeko eta nabigazioa aztertuz aukerarik onenak eskaintzeko.
Nabigatzen jarraitzen baduzu, haiek erabiltzea onartzen duzula ulertzen dugu. Informazio gehiago nahi izanez gero, egin klik hemen.