Ereduak eta tresnak
BC3k lan handia egin du metodologia eta tresna berriak garatzen. Adibidez, erabakiak hartzen laguntzeko tresnei dagokienez, ARIES (Artificial Intelligence for Ecosystem Services http://aries.integratedmodelling.org/) garatu du BC3k. Webgune batean oinarritutako eredugintza-teknologia librea da, eta profesionalei, zientzialariei eta erabakiak hartzen dituztenei zuzendua dago (munduko GKEak eta irakaskuntza- eta gobernu-erakundeak barne). Ekosistema-zerbitzuen ebaluazio eta balorazio azkarra (ESAV) egiten laguntzeko tresna bat da. ARIESen bidez, ekosistema-zerbitzuen fluxua eskala espazial egokian eta testuinguru ekologikoan eta sozioekonomikoan kuantifikatzeko eta baloratzeko metodologiarik aurreratuenetako batzuk (eredu deterministak edo probabilistikoak bateratzen dituztenak) garatu ditu BC3k. ARIESek ekosistema-zerbitzuen onuradun zehatzak kokatzen ditu espazialki mapetan, eta onuradun horiek zerbitzu bakoitzetik egiten duten eskaera kuantifikatzen du. Ekosistema-zerbitzuak onuradun-talde zehatzentzako onura-zerrenda zehatz gisa kontzeptualizatuta, gainditu egiten du ekosistema-zerbitzuak baloratzean agertzen den ohiko arazo bat, onurak “bi aldiz” kontatzearen arazoa, hain zuzen.
Karbono gutxiko trantsizio-bideei dagokienez, BC3k hainbat tresna eta metodologia garatu ditu sistema sozioekonomikoen, energia-sistemen, ingurumen-sistemen eta klima-sistemen arteko loturak harrapatu ahal izateko, eta, hala, estatuko eta munduko BEGen isurketak kontrolatzeko neurriak hobeto ulertzeko. Tresna/eredu horiek askotarikoak dira, eta, besteak beste, BEG/input-output ereduak, ebaluazio integratuko ereduak eta mikrosimulazioko modeloak daude. Esaterako, BC3k Eusko Jaurlaritzarekin batera lan egin zuen “Klima-aldaketaren legea”-ren eta lege horrek industrian izango zuen eraginaren inguruan. REPSOL Fundazioarekin, berriz, energia-txirotasunari buruzko gaiak landu zituen. Horrez gain, zenbait politiken inpaktua ebaluatzeko input-output eredu bat garatu zuen Bilboko udalarentzat (adibidez, energia-eraginkortasunerako planaren inpaktua aztertzeko, edo hirian uholdeak gertatzeak izango lukeen inpaktu ekonomikoa aztertzeko). Azkenik, duela gutxi, Eusko Jaurlaritzaren 2050erako Klima Aldaketaren Euskadiko Estrategiaren inpaktu ekonomikoa ebaluatu du BC3k.
Datu-analisien eta sistema konplexuen eredugintzaren eremuetan, BC3k tresna berriak garatu ditu denbora-serie analisi aurreratuak egiteko, eta dagoeneko arrakasta handiarekin erabili dira paleoklima-erregistroak eta etorkizuneko klimaren proiekzioak aztertzeko. Zentroak, gainera, Dibertsitate Jarraituaren teoria garatu du, zeina sistema adaptatibo konplexu ugariri aplikatu ahal baitzaio, hasi material polikristalinoetatik eta glaziarretatik eta populazio egituratuetara eta biodibertsitatera arte.
BC3k Euskadirako ekonomia-energia-ingurumena eredu bat garatu du, erabakiak hartzen diren arloetan egoerak eta politikak aztertzea helburu duena. Eredu hori arrakasta handiz erabili da 2050erako Klima Aldaketaren Euskadiko Estrategiaren inpaktu ekonomikoa aztertzeko. DERIO ereduak Europako Batzordearen Ikerketa Zentro Kolektiboarentzat sortutako FIDELIO (Fully Interregional Dynamic Econometric Long-term Input- Output) ereduaren filosofiari jarraitzen dio. Eredu horrek Europar Batasuneko Clean Air Package delakoaren inpaktua aztertzen lagundu du. DERIOren ezaugarri bereizgarria da Euskadiko ekonomiaren deskribapen zehatza egiten duela, kategoria hauen arabera: sektoreak (88 sektore), produktuak (105 produktu), kontsumitzaileak (diru-sarreren arabera bereizitako 5 talde), azken kontsumoko kategoriak (16 kategoria), energia-sistema (prozesatze-industria, trukeak, azken kontsumoak eta abar) eta ingurumeneko gaiak (energia, CO2 isuriak eta bestelako poluitzaileak). Ereduaren beste ezaugarrietako bat da erabiltzaile bakoitzak bere beharretara egokitu dezakeela. Ezaugarri horri dimentsio anitzekoa izatearena gehituz gero, tresna oso erabilgarria bihurtzen da erabakiak hartzen diren arloetan egoerak eta politikak aztertzeko. Horrez gain, ereduak duen malgutasunak eta moldakortasunak politika zehatzak aztertzeko egokia bihurtzen du, esaterako energia-eraginkortasuna sustatzeko (etxeetan, industrian edo garraioan), Renove planetarako, zerga-erreformatarako eta abar.