BC3. Basque centre for climate change – Klima aldaketa ikergai

2. Helburua. Laguntza eskaintzea, karbono urriko gizarte baterako trantsizioari buruzko erabakiak

Herrialde gehienek Parisko Akordioarekin lotzen diren klima-ekintzarekiko konpromisoak azaldu dituzte (nazio-mailan aurreikusitako eta zehaztutako ekarpenak deritzanak), eta konpromiso horietan deskribatzen dute zer ekintza gauzatu nahi duten klima-aldaketa arintzearen helburu komuna lortzeko. Gainera, aintzat hartu behar da erkidego globalak aurre egin behar diola emisioak zuzen eta eraginkortasunez murrizteko erronkari, betiere Garapen Iraunkorreko Helburuen lorpena arriskuan jarri gabe eta pobrezia eta desberdintasuna desagerrarazteko ahaleginak arriskuan jarri gabe. Mundu osoan erabakiak hartzeko ardura dutenek diseinatu eta ebaluatu beharko dituzte politika horiek, eta, horretarako, eskura dagoen informazio zientifikorik onenean oinarrituko dira. Bestalde, zientzialariak prestatuta egon beharko dute irtenbide horiei buruzko informazioa eraginkortasunez emateko. Horrenbestez, ezinbestekoa izango da hobeto ulertzea karbono urriko gizarte baterako trantsizioarekin lotzen diren erronkak, aukerak, arriskuak eta ziurgabetasunak, eta trantsizio horiek gauzatzeko ekintza espezifikoak diseinatzea, komunikatzea, ezartzea eta ebaluatzea, eta, aldi berean, eragileak babestea eta inplikatzea.

2.1. Jarduera. Politiken ebaluazioen diziplina arteko izaera sendotzea

BC3aren indarguneetako bat da klima-aldaketa arintzeko politikak ebaluatzean erabiltzen dugun diziplina aniztuneko ikuspegia. Jatorri askotarikoak izateak eta ebaluazio integratuko tresnekin (ekonomia/energia/ingurunea motako ereduekin, eredu errealekin/finantzarioekin, eredu mikroekonomikoekin eta ebaluazio global integratuko ereduekin) dugun esperientziak aukera ematen digu energia-trantsizioen ondorioak aztertzeko —dimentsio teknologikoak, ekonomikoak eta finantzarioak ez ezik, bestelako gizarte- eta ingurumen-alderdi garrantzitsuak ere kontuan izanik—.Energiaren sektorea ikerketa honetako funtsezko esparrua bada ere, beste diziplinekiko elkarreraginean egin dezakegu ekarpen handiagoa. Jarduera honen helburua da karbono urriko gizarte baterako trantsizioari buruzko gaur egungo eztabaida zientifikoan puri-purian dauden sei gai hauek aztertzea: 1) gaur egungo energia aurrezteko eta energia-efizientziaren potentziala lortzeko politikak prestatzearen ardura dutenek hauta ditzaketen aukeren eta kontsumitzaileen portaeraren artean dagoen hutsunea ulertzea; 2) energia berriztagarrietarako trantsizioaren eta garraio-sistemaren elektrifikazioaren ondorio ekonomikoak eta ingurumen-ondorioak ikertzea; 3) lurralde-erabilerako adituen «goranzko» informazio errealistagoa kontuan hartzen duen deskarbonizazio-estrategiaren barruan, lur eta karbonoko sarbegiak txertatzea (“emisio negatiboak”); 4) onura komunak ikertzea, eta klima-politiken eta airearen kutsadurari buruzko politiken arteko konpentsazioak aztertzea, zenbait espazio-eskalatan; 5) lurraren, uraren eta elikagaien arteko loturaren ulermen zientifikoa areagotzea, ziurgabetasun-testuinguru batean; eta 6) zenbait klima-politiken berdintasunaren dimentsioa aintzat hartzea, onarpen publikoa eta politikoa hobetzeko. (burua: Mikel González-Eguino).

 

2.2. Jarduera. Energia-trantsizioak ebaluatzea, eragileak inplikatuta

Gure ikuspegiaren alderdi berritzaileetako bat da askotariko eragileak nahastea ikerketaren bizi-zikloan eta, hartara, karbono urriko aukeren askotariko alderdiak biltzea, hasierako diseinuarekin hasita eta onura komunak barnean hartuta. Jarduera honetan inplikatuko ditugu, eta gurekin elkarlanean arituko dira, Europar Batasuneko erakundeak (DG Joint Research Centre, DG Clima eta DG Environment), Espainiako erakundeak (Klima Aldaketako Espainiako Bulegoak) eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeak (Ingurumen Kudeaketako Sozietate Publikoa, IHOBE; Energiaren Euskal Erakundea, EEE; eta Arartekoa). 2030era eta 2050era arteko berotegi-gasen emisioetarako agertoki berriak garatzea aurreikusi dugu Espainiarako. Tresna hori egokia izango da Euskal Autonomia Erkidegoko industriaren, energiaren eta ingurumenaren arloko politiken ondorioak ebaluatzeko, eta, tresna horrekin, aurrez barnean garatutako eredu bat hobetuko da (DERIO eredua); izatez, eragileei kontsultatu ondoren, interesekoak diren politika espezifikoen analisirako ezaugarriak barnean hartzen ditu. (burua: Iñaki Arto).

 

2.3.. Karbono urriko politiken eta Garapen Iraunkorreko Helburuen arteko sinergiak ikertzea

Jarduera honen helburua da Garapen Iraunkorreko Helburuen lorpenaren eta karbono urriko ekonomiarako trantsizioaren artean dauden elkarreraginak ustiatzea. Lehenik, pobreziaren murrizketaren eta karbono urriko gizarte baterako trantsizioaren artean dauden loturak aztertuko ditugu; zehazki, aztertuko dugu zer eragin duten klima-politikek herrialdeen arteko sarreren banaketarekin, edo herrialdeen barruko sarreren banaketarekin. Bigarren, aztertuko dugu zenbait hazkunde-bidetako inbertsioa nola alda daitekeen, karbonoa murrizteko helburuak barnean hartzeko, eta ikertuko dugu hazkundea eta karbono urriko helburuak osagarriak izan daitezkeen. Hirugarren, ikertuko dugu sareaz kanpoko irtenbide berriztagarriek nola eskain dezaketen sarbide garbia eta eskuragarria herrialderik behartsuenetan (gaur egun 1.250 milioi pertsonak ez du elektrizitaterik eta 2.500 milioi pertsonak biomasa behar du kozinatzeko; Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, horrek etxeko airearen kutsadura eragiten du eta urtean 1,3 milioi heriotza eragiten du sarrera txikiko herrialdeetan). Azkenik, jarduera horrek sintetizatuko du deltetan izandako klima-inpaktuei buruz eta Garapen Iraunkorreko Helburuetarako ondorioei buruz BC3an azken urteetan egin den lana. Zehazki karbono urriko sozietateei buruzko gaia ez den arren, oso lotuta dago klima-aldaketaren ondorioekin eta Garapen Iraunkorreko Helburuekin. Lankidetzei dagokienez, aurreikusi dugu WISEUP barruan lanean jarraitzea, betiere klima-aldaketaren aurrean urarekin lotzen diren natura-azpiegituren kudeaketari buruz. Bestalde, lan-harremanak finkatu ditugu New Climate Economy partzuergoarekin, Indian karbono urrirako trantsizioa lortzeko Smart programaren bitartez. Hurrengo urteetan horretan sakontzeko asmoa dugu. (burua: Anil Markandya)

 







[X]
Geure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu gure zerbitzuak hobetzeko eta nabigazioa aztertuz aukerarik onenak eskaintzeko.
Nabigatzen jarraitzen baduzu, haiek erabiltzea onartzen duzula ulertzen dugu. Informazio gehiago nahi izanez gero, egin klik hemen.