- Hasiera
- Ikerketa
- Ikerketa Helburu Orokorrak
- 4. Helburua
4. Helburua. Laguntza eskaintzea, egokitzapen zuzen eta eraginkor baterako erabakiak hartzean
Helburu hau egokitzapenari eta egokitzapena ahalbidetzen duten politikei zuzentzen zaie. Klima-aldaketarekiko egokitzapena da “natur eta giza sistemetan klima-estimulu errealekiko edo aurreikusiekiko erreakzio gisa gertatzen den doikuntza”, eta egokitzapen-politikak dira jada gertatzen ari diren edo gertatzea aurreikusten diren aldaketetarako prestatzen gaituzten tresna espezifikoak diseinatzea eta ezartzea. Beste ikerketa-ildo batzuen ekarpenarekin batera, 4. helburua batez ere zuzentzen zaio Adaptation Lab RLari, eta hori oinarritzen da egokitzapenaren ekonomian, egokitzapen-politiken analisian eta klima-arriskuaren balorazioan, baita klimak osasunean, uretan, lurralde-erabileran, azpiegituretan eta kostaldeko eta hiriko nekazaritzan eragiten duen erresilientziaren eta egokitzapenaren jarraipenean ere —bero-bolada, uholde, lehorte eta abarren ondorioetan zentratuta—.Horretarako, aplikatutako metodologiek barnean hartzen dituzte: kostuen eta etekinen analisia, errentagarritasunaren analisia, arriskuaren analisia, eredu estokastikoa, aukera errealen analisia, aurreikuspenen eta agertokien analisia, politiken analisia, atzera begirako ebaluazioa, adierazleetan oinarritutako balorazioak, sistemen dinamika eta kontzeptuzko mapak. Bost proiektu abian daude (RESIN, OASIS, ALICE, WISE-UP, INHERIT), bat bekarekin (COACH).
4.1. Jarduera. Arriskuak eta zaurgarritasuna ulertzea
Itsas mailaren igoerarekin, erregimen hidrologikoetako aldaketekin eta tenperatura-aldaketekin lotzen diren klimaren ondorioak ondo uler daitezen lortu nahi da, baita sistema sozialek, ingurumenekoek eta ekonomikoek ondorio horiekiko duten esposizioa eta zaurgarritasuna ere. Emaitza baliagarria izango da arriskuei, esposizioei eta zaurgarritasunei aurre egitera zuzenduko diren metodologia kualitatiboak eta kuantitaboak diseinatzeko. Erabakiak hartzeko prozesuetan arriskuaren kontzeptu zabalagoak barnean hartuko badira, eta arriskuaren kudeaketa indartuko bada, ziurgabetasunaren tratu sofistikatuagoak garatu beharko dira —oso lotuta 4.4. jarduerarekin—. (burua: I. Galarraga)
4.2. Jarduera. Egokitzapeneko politiken, tresnen eta irtenbideen diseinua eta balorazioa
Erresilientzia sendotuko duten eta egokitzapeneko prozesuak erraztuko dituzten politika eta irtenbide eraginkorrak garatuko badira, tresna ekonomikoak eta finantzarioak aztertu beharko dira, zenbait aukera politiko alderatu beharko da (kostuei, eraginkortasunari, zuzentasunari, iraunkortasunari, eta egokitzapen txarrari dagokionez besteak beste), eta politikak diseinatzeko mekanismoak ulertu beharko dira. Jarduera honekin laguntza eskaini nahi dugu eskualdeetako eta testuinguru espezifikoetako egokitzapenaren plangintza fasean; izatez, politiken balorazioaren barruan, egokitzapen-aukeren merkatuaz kanpoko ondorio ez-instrumentalak jorratzeko modua ere ikertzen ari da. Emaitza oso lotuta egongo da, halaber, 4.3 jarduerarekin. Gainera, garapena modu zabalagoan planifikatzeko egokitzapen orokorra nabarmenduko da. Hau da, garapen bidean diren herrialdeetako garapen iraunkorreko helburuak eta herrialde garatuetako garapen iraunkorreko adierazleak lotuko dira. Gai zehatz moduan, arreta berezia eskainiko zaio osasunari (burua: A. Chiabai), eta, horren barruan, ingurumen-estreseko faktoreen arteko elkarreraginari (hala nola airearen kutsadura eta bero-boladak), bizi moduari eta jokabideei, betiere ondorioak arintzeko eta herritarren erresilientzia areagotzeko, beste sektore batzuekiko elkarreragin sendoak bilatuz (elikadura eta nekazaritza, energia, garraioa eta natura-ekosistemak) eta gizarte-zuzentasunarekin lotzen diren alderdiak txertatuz. (buruak: A. Markandya, A. Chiabai eta E. Sainz de Murieta)
4.3. Jarduera. Egokitzapenaren aurrerapena neurtzea eta egokitzapen-dinamika ulertzea
Egokitzapen-politikak ezarri ahala —inbertsioak, programak eta ekintzak barne—, behar-beharrezkotzat jo da inbertsio horiek zaurgarritasuna murrizteko eta erresilientzia sortzeko eraginkorrak diren neurtzea. Hori dela eta, metodoak, tresnak eta esparruak behar dira egokitzapenaren arloan gertatzen ari den benetako aurrerapenaren jarraipena egiteko. Informazio hori garrantzi handikoa da finantzaketa-agentzietarako eta hainbat eskalatako gobernuetarako (eskualdekoa, nazionala, nazioartekoa), zehazki egokitzapen eraginkorra lortzeko inbertsioei lehentasuna eman nahi dieten eta klimarekiko egokitzapenerako finantzazioa eskuratzeko estrategiak definitu nahi dituzten gobernuetarako. Gure lana alderdi hauen garapenean oinarrituko dugu: metrika sendoa, oinarri konparagarriak, datuak biltzeko ikuspegi estandarizatuak, egokitzapenaren aurrerapena ebaluatzeko orientazio egokia (egokitzapenaren jarraipena), eta ziurtasun handiko egoeretan erabakiak hartzeko lagungarria izango den orientazio egokia (4.1. jarduerarekin lotuta). Era berean, barnean hartzen du iraganeko eta oraingo egokitzapenaren dinamika hobeto ulertzea. (burua: M. Olazabal)
4.4. jarduera. Ziurgabetasunaren inplikazioak ulertzea
Aurreikusitako erabilgarritasunean oinarritzen da arriskuen balorazio tradizionala. Hemen, eredu estokastikoaren ikuspegia erabiliko dugu muturreko gertakarien ondoriozko kalteak kalkulatzeko, eta azken gertakarietan oinarrituko gara (probabilitate txikia-inpaktu handia). Benetako aukeren analisiak egokitzapen- eta ikaskuntza-politiketan malgutasuna sartzearen balioa nabarmenduko du. Sentsibilitate globaleko analisiak eta agertokien aurkikuntzak, bestalde, emaitzen ziurgabetasunarekiko sentsibilitatea baloratuko du ereduaren parametroetan. Ikuspegi kuantitatibo horiek indartuko dira arriskuaren pertzepzioak lortuko dituzten eta eraginpean dauden eragileen jarrerak hautemango dituzten metodoekin. Emaitzak, bestalde, ikuspegi kualitatiboak ere barnean hartuko ditu (esate baterako atzera begirako balorazioa), ziurgabetasun handiko iturriek aurreikusgarritasuna nola muga dezaketen aztertzeko. Emaitza 4.2. jarduerarekin lotuta egongo da (buruak: M. Newman eta L.M. Abadie)