- Hasiera
- Ikerketa
- Ikerketa Helburu Orokorrak
- 6. Helburua
Objective 6: Promoting integrated interdisciplinary and transdisciplinary research
BC3ak diziplinarteko ikuspegi bat lortu nahi du klima-aldaketaren kausa eta inpaktuen inguruan, testuinguru sozioekologiko zabalak kontuan hartuta eta hainbat eskalatan (eskala geografikoak, denbora-eskalak eta gobernantza-eskalak). Horretarako, ikuspegi partekatu bat garatu behar da, proposatutako 1-5. helburuekin bat egiteko. Funtsezko urrats gehigarri gisa, BC3a prest dago soluzioak bilatuko dituen diziplinetan zeharreko mugimendu baterako. Horren arabera, munduan erabakiak hartzeko ardura dutenekin batera diseinatuko dira soluzioak COP21aren eta Garapen Iraunkorreko Helburuen ondoren. Metodologia/tresna integratzaileen garapenari lotutako Proiektu Estrategiko Integratzaileen (PEI) bidez ideia berritzaileak lantzeko zeregina sustatzea proposatzen dugu. Ildo horretan, ikuspegi integratzaileak dituzten bi proiektu estrategiko integratzaile daude aurreikusita, eskariak bultzatuak eta askotariko eskaletan lotutako sistema natural eta humano batean ardaztuak. Halaber, Sherpa Proiektu Txiki (SPT) batzuetara bideratuko ditugu baliabideak, sortzen diren ideia berritzaileak aztertzeko.
Proiektu estrategiko integratzaileei dagokienez, honako hauek daude aurreikusita:
1. Proiektua: Lurraren, elikagaien eta osasunaren arteko lotura lantzea, iraunkortasunera begira
Datozen hamarkadetan, klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko erronken eta garapen iraunkorreko helburuen inplementazioaren testuinguruan, erronka eta aukera apartak sortuko dira lurraldeari, elikagaiei eta osasunari lotutako politiken integrazioari dagokionez. Funtsezko erronketako bat, berriz ere, garapen iraunkorraren izaera multisektorialari eta haren dimentsio guztien arteko erlazio konplexuei lotutakoa da. Tokiko gobernuek iraunkortasunerako trantsizioen sustapenean betetzen duten funtsezko zeregina dela eta, sare horiek esanguratsuak dira tokiko mailan zein nazioartean, klima-aldaketaren aurkako politikak garapen-lehentasunekin lotzen baitituzte askotariko eskaletan. Etorkizunaren testuinguruan, klima ebaluatzeko ereduak hainbat eskalatan erabiltzen dira. Askotan, sektore espezifikoetan oinarrituta daude, makro, meso eta mikroeskalen arteko sinergiak eta interakzio konplexuak kontuan hartu gabe (hala nola eskala globala, herrialdea/eskualdea, landetxea/enpresa/gizabanakoa). Hori dela eta, klima-aldaketa arintzeko dauden bideen kostuei eta onurei buruzko informazio partziala ematen dute, eta ez dituzte aipatzen konpentsazio eta sinergia potentzialak, batez ere klima-aldaketa arintzeko lanaren alderdirik kritikoenetako batzuei dagokienez: lurraldea, elikagaiak, energia eta osasuna. Hori guztia funtsezkoa da. Izan ere, gobernuak benetan ari dira lanean nazio-mailan aurreikusitako eta zehaztutako ekarpenak inplementatzeko, eta aurrerapenak ebaluatzeko balantze-prozesu orokorrak egingo dira erregulartasunez.
Orain arte, zientzialariek diziplina zehatz batzuetatik hartutako metodoak erabili izan dituzte gai horietako batzuk lantzeko. BC3ak, berriz, askotariko eskalak dituen ikuspegi sistemiko bat aplikatuko du eta, ikuspegi hori garatzeko, lehendik zeuden eta hainbat espazio-eskalatan (maila globalarekin hasi eta landetxearen mailarekin amaitzeraino) erabiltzen diren barne-ereduak (hala nola GCAM, FASST eta SIMSWASTE) lantzeko tresnak uztartuko dira. BC3ak, halaber, gizarte-zientzien, natura-zientzien eta osasun-zientzien esperientzia bateratuko du, eta horrek aukera emango digu lotura garrantzitsu hori ikertzeko. Lehenik eta behin, elikagaiei lotutako arintze-bideen ingurumen-ondorioak, gizarte-ondorioak (osasuna eta portaera barne), ondorio ekonomikoak eta teknologikoak aztertuko ditugu, hainbat mailatan eta hainbat baldintza sozioekonomiko eta klimatikotan. Lurraldearen (eta, bereziki, basoen) erabilerari lotutako alderdiak funtsezkoak dira herrialde askok agindutako emisio-murriztapenak lortzeko eta epe luzerako estrategiak betetzeko. Premia horri erantzuteko, prozesu biologikoak eta potentzialak ez ezik, bultzatzaile sozioekonomikoak ere ulertu behar dira. Halaber, oinarri sendoa behar da banaketa-emaitzak zuzenak izango direla eta elikagaien segurtasuna eta lurraldearen gaineko eskubideak kaltetuko ez direla bermatuko duen plangintza zorrotz baterako, eta oso kontuan hartu behar dira lurreko sistema naturaletan eta giza kudeaketako sistemetan izango diren ondorioak. Ikuspegi horren adibideen artean, honako hauek aipa ditzakegu: haragiaren eta esnekien produkzioak gizartearentzat dituen kanpoko kostuak finkatzea, eta dietan ez ezik produkzio-sistemetan ere aldaketak ezartzeak (eta, era horretan, berotegi-efektuko gasen emisio garbiak eta gizakien osasunean, animalien ongizatean, ekosistemako ondasun eta zerbitzuetan eta lurraldearen erabileraren eskumenean izan ditzaketen ondorioak murrizteak) izan dezakeen garrantzia baloratzea. Kontsumoaren esparruan, dieten eta mugikortasun-aukeren inguruko jokabide-aldaketek ingurumenean, kliman eta osasunean dituzten ondorioak aztertzen hasi gara. Halaber, FAOrekin lankidetzan, elikagaiak, energia eta zurezko produktuak lortzeko biomasaren eskaria dela eta lurralde globala erabiltzeko aukera aztertzen hasi gara. Bestalde, nazioarteko erakundeek (hala WRI erakundeak) eta gobernuen txostenek (txosten nazionalek –BUR txostenak, adibidez–, komunikatu nazionalek, berotegi-efektuko gasen inbentarioek eta abar) eskaintzen duten informazio geoespazialki esplizitua aztertuko dugu. Bi proiektu garrantzitsu ditugu abian: TRANSRISK-H2020 EU eta G-LUCA-FAO. (Buruak: A. Del Prado, M. González, I. Arto, A. Chiabai eta M. J. Sanz.)
2. Proiektua. Eredu integratuen elkartea.
Lehen, zientzialariek libretetan idazten zituzten datuak. Aro digitalean, berriz, behar-beharrezkoa dugu datu eta eredu zientifikoak aurkitzeko errazak, eskuragarriak, elkarreragingarriak eta berrerabilgarriak (FAIR-Findable, Accesible, Interoperable and Reusable) izatea gizabanakoei, enpresei eta gobernuei erabakiak ongi informatuta hartzen laguntzeko. Erabat konektatutako informazioaren ikuspegi bat izateak eta datuak eta ereduak partekatu eta lotzeko modu ireki, seguru eta zehatz bat (“Wikipediaren antzekoa”) erabiltzeak datuetan trinkoa izango den zientzia bat eta erabakiak oraindik irudikatu gabeko eskala batean hartzeko aukera ahalbidetu ahal izango du. Hala ere, ikuspegi hori lortzeko baliabide intelektualak eta teknologikoak hasierako fasean daude oraindik. ARIES proiektua motibazio nagusia izanik, BC3 aitzindaria izan da ideia hori gauzatzeko ahalmena duten berrikuntzak eskaintzen, eta nazioarteko erakunde ospetsuen arreta erakarri du (USGS eta Conservation International erakundeena, besteak beste). Ikerketa horrek eragin duen interes handia dela eta, BC3 erakunde-sare bat sortzen ari da. Sare horretan, parte hartzaile bakoitzak ikerketaren produktuen jabetzaren zati bat ziurtatu ahal izango du hainbat motatako urteko ekarpenen bidez, eta erabakiak hartzean hitza izatea, software-tresnen zeregin eta funtzioak lehenestea, prestakuntza-eskaintza pertsonalizatuak eta laguntzen babesaren lehenespena bermatuko dira. BC3ak Eredu Integratuen Elkartea atera zuen 2017aren amaieran, eta etorkizuneko zientziarako informazio guztiz integratuko ikuspegi baten diseinuan eta sorkuntzan parte hartuko duten erakundeak bilduko ditu. Horri esker, teknikariei lagundu ahal izango zaie erabiltzaileei etengabeko gogobetetzea bermatzen. Gainera, ARIES eta Eredu Integratuen Elkartea hazi egingo dira, eta softwarea garatu eta mantentzeko baliabideak bermatuko dira. BC3an garatutako eredu integratuen ikuspegiaren lau sektore nagusiak honako hauek dira: Semantika (BC3ak munduaren ikuspegiak zehazteko base bat garatu du; base horretan, integrazioa praktikoa izango da, eta behaketa zientifikoen semantika errazago zehaztu, ulertu eta erabiltzeko hizkuntzak eta tresnak sortuko dira); Datu irekiak eta lotzeko modukoak (berehala abian jartzeko moduko esparru bat eskaintzeko, semantikoki jasotako datuak lehen mailako ikerketa-xede gisa argitaratzea ahalbidetuko duen azpiegitura batekin, ordenagailuek zein pertsonek interneten aurkitu ahal izan ditzaten eta irakurri eta ulertu ahal izan ditzaten); Eredu irekiak eta lotzeko modukoak (semantika egokia izango duten ereduak izango dira, datu eta eredu egokiak hautatutako une, leku, arazo eta eskalan era gardenean lotu ahal izango dituen adimen artifizialarekin, makinek ereduak sortu eta abian jartzearen konplexutasuna kudeatu ahal izan dezaten); Software-azpiegitura (elkarteak integrazio semantikoko lan teorikoa osatzen, sortzen eta eguneratzen du –azken erabiltzaileentzako tresnak eta interfaseak, modelatzaileak eta sare-administratzaileak barne–, eredu integratuak eztabaidarako, erabiltzailearen laguntzarako eta erroreak detektatzeko dokumentazioa eta baliabide komunitarioak eman eta eguneratuko ditu, eta zuzenean lan-ereduetarako txantiloietan islatuko diren ereduak parte-hartzean oinarrituta eta era grafikoan sortzeko tresnak sortzen ari dira).
Elkarteak eredu integratuaren garapenean eta diseinuan eragina izan dezaketen erakundeak bilduko ditu zuzendaritza-batzordeetan, eta erakundeek lankidetza-proiektuetan jasoko dute laguntza, egindako ekarpenaren proportzioan. Hezkuntza-arloko elkartekideek eredu integratuaren inguruko prestakuntza eskatu ahal izango diete BC3ko langileei. Ekimenaren barruko produktu guztiak iturri irekikoak izango dira, eta jende guztiarentzat egongo dira eskuragarri. (Buruak –BC3aren barruan–: F. Villa, S. Balbi, J. Martinez eta M. J. Sanz).