- Hasiera
- Ikerketa
- Ikerketa Helburu Orokorrak
- 3. Helburua
3. Helburua. Iraunkortasunerako lurralde-sistemak ulertzea eta kudeatzea
Lurraldearen erabilera eraginkorrerako erabakiek eskatzen dute ulertzea prozesua eta kontuan hartzea eragin sozialen, ekonomikoen eta ingurumenekoen elkarreragina —lurraldearen erabileraren aldaketan—, nekazaritza-sistemak lehengoratzeko bideak eta Garapen Iraunkorreko Helburuen arteko konpentsazio sozioekologikoak. Lurraldearen giza baliabideak (lurzorua, ura, basoa eta abar) gizarte-mailan modu efizientean banatzeko garrantzizkoak diren alderdiak ikertuko ditugu, baita giza baliabide horiek epe luzera kontserbatzeko eta etengabe erabiltzeko garrantzizkoak direnak ere. Funtsezko irizpide analitikoak dira: ingurumen-iraunkortasuna, efizientzia ekonomikoa eta lurraldearen erabileraren aldaketaren gizarte-garapen zuzenerako ahalmena. Aldaketa hori giltzarria izango da klimara egokitzen den nekazaritza integratzailea sustatzeko eta ezagutza berria sor dezakeen ekosistemaren kudeaketa sustatzeko —ezagutza berri horrek eskainiko duen informazioa lagungarria izango da lurraldearen gaineko eragileek politikak diseina ditzaten eta/edo ekintzak ezar ditzaten—.Hurrengo jarduerak oso lotuta daude karbonoa atzitzeko estimazioak eta goranzko metodologiak hobetzearekin eta garatzen jarraitzearekin eta, horretarako, ekosistemen jarraipena indartzearekin eta lurralde-sistemetan esperimentazioa indartzearekin, betiere egokitzapen-mekanismoei dagokienez eta klima-aldaketarako arintze-aukerei dagokienez. Xede horrekin, eta 3.1. eta 3.2. jarduerak indartuko badira, hurrengo urteetan BC3ak inbertsioak egin beharko ditu ekosistemen —eta klima-aldaketarekiko horien erresilientziaren— analisirako espazioak eta azpiegiturak ezartzeko. Hauek izango dira helburuak: (1) ekosistemen epe luzerako jarraipenean eta manipulazioan laguntzea eta (2) landako eta laborategiko ingurumen-esperimentazioko ikerketa-ildo sendoa bultzatzea.
3.1. Jarduera Klima-aldaketaren ondoren, zona degradatuak lehengoratzeko ekosistemaren erresilientzia ulertzea
Espainiako eta Artikoko zonetan, nekazaritza- edo meatze-erabilera zaharren eraginpean dauden ekosistemak aldi luzeen ondoren nola lehengoratzen diren aztertzen duen gure lana zabalduko dugu (1.1. eta 1.2. jarduerekin lotuta). Ezagutza horrek aukera emango digu aldi luzeen ondoren gertatzen den lehengoratzea ulertzeko eta aurreko klima-aldaketek zer eragin izan zuten jakiteko. Era berean, lurraldea kontserbatzeko eta lehengoratzeko baliagarriak diren ingurumen-politikak eta -estrategiak prestatzeko informazioa eman dezake. (burua: David Moreno)
3.2. jarduera. Lurreko ekosistemek klima-aldaketarekiko duten zaurgarritasuna ulertzea, eta horien egokitzapenean laguntzea
Premiaz eskaini beharko dugu alderdi hauek gauzatzeko oinarri zientifikoa: (1) lurreko sistemak klima-aldaketara egoki daitezen laguntzeko kudeaketa-jardunak hobetzea (bilakaera lagundua); (2) eskualdeko eskalan zein eskala globalean ekosistemen funtzionamendurako eta erresilientziarako propietate kritiko gisa azaleratzen diren ekosistemaren funtzioak identifikatzea —lurzoruaren/landareen dibertsitate funtzionala, funtsezko talde funtzionalen zaurgarritasuna, eta funtsezko bide metabolikoak (esate baterako fosforoaren mineralizazioa)—; eta (3) ekosistemaren zaurgarritasunaren lehen etapak hautematea, hala nola ekosistemaren osasunaren bioadierazle goiztiarrak, betiere landareen hazkundearen bidez, landaredia birsortzearen bidez edo lurzoruaren higaduraren bidez. Askotariko metodologiak erabiliko dira, esate baterako inkesta globalak eta nazionalak (NFI, sare paneuroparrak, inkesta biogeografikoak, urruneko sentsoreen erabilera), ekosistemaren eskalaren jarraipena eta esperimentazioa (ekosistemaren fluxuak, demografia eta hazkunde-dendroa, egitura eta osasuna), ereduen sorrera eta esperimentazioa biodibertsitatearen kontrol-baldintzetan (barren metakodea, entzimak, CLPP, mineralizazioa) eta lurzoru-erkidegoen egitura trofikoa. Hauek dira abian diren jardueretako batzuk: klima-aldaketak eragindako basoen heriotzaren patroien ulermena eta Espainiako artadien eta Karpatoetako konifero-basoen zerbitzuen eta ekosistemen funtzionamendurako ondorioen ulermena; COLCIENCIAk (Kolonbia) sortutako goi-altuerako (paramoetako) ekosistema tropikaletako bero-manipulazioak; lurzoruaren funtzionamendu-belaunaldi berriko eredu mekanikoen garapena, EU COST ekintzen esparruan (Keysom eta BioLink) eta basoen heriotzari buruzko jarraipen-sare bat zuzentzea (http://decaimientoencinar.wix.com/), Espainiako proiektuaren esparruan hasita dagoena. Aurreikusi da jarduerak zabaltzea eta, horretarako, eskualdeko (Euskal Herriko), nazioko (Espainia) eta Europar Batasuneko H2020ko ekimenak zuzentzea eta koordinatzea eta, hartara, basoetan zaurgarritasunak hautematea eta kudeaketa-jardunak hobetzea, betiere basoak klima-aldaketako egoera batera egoki daitezen laguntzeko. (burua: J. Curiel)
3.3. Jarduera. Abeltzaintzarako irtenbide integratuak
Ereduak prestatzeko tresnak garatzen jarraitzeko asmoa dugu, abeletxetik eskualdera (adibidez, SIMSDAIRY, SIMSNIC). Horretarako, berotegi-gasen emisioa arin dezaketen agertokiak ikertuko dira eta lurzoruan karbono-sarbegiak sustatuko dira, nola abeltzaintzaren sektorean hala zeharka eraginpean dauden bestelako sektoreetan. Lehentasuna izango dute: berotegi-gasen benetako murrizketek (kontuan izanik berotegi globaleko ahalmena); errentagarritasunak; konpentsazioek; eta iraunkortasunak —animalien ongizateari dagokionez eta produktibitateari, biodibertsitateari eta erresilientzia sozioekonomikoari dagokionez (klima-aldaketarekiko egokitzapena)—. Intentsifikazio iraunkorraren ondorioekin eta zeharkako alboko ondorio potentzialekin lotzen diren erronkak ikertuko dira (esate baterako, lurraldearen erabileraren zeharkako aldaketa). Aurreikusi da abeltzaintzari eta lurzoruko berotegi-gasen emisioari buruzko IPCCaren txosten metodologiko batean parte hartzea. (burua: A. del Prado)
3.4. Jarduera. Lurralde-erabilera eta nekazaritzako elikagaien sistema
Ikertuko dugu nutrizio-ziklo itxiek zer ondorio duten ingurumen-inpaktuan, erresilientzian eta iraunkortasunean, betiere nekazaritzako elikagaien sistemaren zenbait mailatan. Horretarako, nekazaritzaren, lurralde-erabileraren eta hondakinen kudeaketaren arteko harremanak optimizatuko ditugu. Taldeak garatutako ereduekin bat datorren bizi-ziklo kontsekuentearen analisiaren ikuspegia erabiliko da (C-LCA) abeltzaintzaren esparruko emaitzak modelatzeko landetxearen esparruan eta lurralde-erabileran (adibidez, SIMSWASTE). Asmoa da ikertzea ea baliabideen erabilerako lehiaren ingurumen-inpaktuak erabil daitezkeen abeltzaintzako, bioenergiako eta konpostajeko sistemetan. (burua: A. del Prado)
3.5. jarduera: Nekazaritzako biodibertsitatearen dinamika sozioekologikoaren eredua
Nekazaritzako biodibertsitatea zaintzeak kudeaketa integratua eskatzen du, nekazaritza-sistema eraginkorrak, zuzenak eta klimara egokituak sustatuko badira. Erakundeak —barnean direla merkatuak eta politikak— batera nola bilaka daitezkeen hobeto ulertzeko eta klima-aldaketarekiko iraunkorra den nekazaritzako biodibertsitatea bultzatzeko, gobernantza-aukerak aztertuko ditugu, baita beste aukera batzuk ere. Abian dira Espainiako Plan Nazionalaren proiektu bat (ESPERA) eta Future Earth proiektu bat (PEGASUS). (burua: U. Pascual)
3.6. Jarduera. Arintzearen eta egokitzapenaren ekarpenak eta konpentsazioak, lurralde-sektorean
Nekazaritzaren sektoreak eta lurraldearen erabilerak berotegi-gasen emisioko 11Gt CO2eq inguru (% 24) sortzen dute —lurraldearen erabileraren % 50 inguru eta nekazaritza-erabileraren % 50 inguru—.Haatik, lurreko sistema naturalek eta erdi-naturalek urteko emisio antropogenikoen heren bat baino gehiago hartzen dute, eta lurreko sektoreari deskarbonizatzeko aukera emateaz gain, emisio negatiboak sortzeko aukera ere ematen diote. Eraginkortasunik ez duten edo kaltegarriak diren lurralde-erabilerako politikak hartzeko arriskua murriztuko bada, garrantzi handikoa izango da lurreko ekosistemen karbono-sarbegiaren ahalmenaren ekarpena zehatz-mehatz definitzea eta klima-aldaketarekin izango duen bilakaera aurreikustea; era berean, garrantzi handikoa izango da lurralde-erabileraren aldaketaren ingurumen-sustatzaileak eta sustatzaile sozioekonomikoak ulertzea zenbait eskalatan (globaletik tokikora; 3. helburuak bat egiten du hemen 2. helburuko tresnekin). Zenbatespenak hobetuko dituzten metodologiak garatzeaz gain eta karbonoaren goranzko kalkuluen analisia egiteaz gain, ikerketa baliatuko da esparru nazionalean eta globalean gertatzen diren beheranzko balorazioen barruko desadostasunak azaltzeko. Aurreikusi da: parte hartzea IPCCaren txosten metodologiko batean, IPCCaren txosten berezi batean eta IPCCaren seigarren ebaluazio-txostenean; parte hartzea (burua: M. J. Sanz)